Irakasleak

Irakasle-taldea da Osasunkume – Bizitzaren abentura programako funtsezko eragilea. Hori dela eta, aplikazioan maisu-maistrak prestatzeko hainbat une hartu dira aintzat. Bizitzarako trebetasunetan hezteko, lehenik, trebetasun horietan trebatu beharko da. Bigarren, elkarrizketa eta parte-hartzea sustatzen duten pedagogiekin eta Programarekin ohitu beharko da. Maisu batek edo maistra batek Osasunkume ezagutzen duenean, ikusten du ez dela bere irakasgaiaz kanpo egin beharreko aparteko lana, baizik eta erdietsi nahi dituen helburuak lortzen erraztuko dion tresna dela.


Itunak

Emaitzak kalitate handiagokoak dira itunak egiten direnean. Hauek dira funtsezko itunetako batzuk:

  1. Irakasle-taldearen borondatea.

  2. Hezkuntza-elkartearen laguntza (irakasleena, familiena eta abar).

  3. Programa bultzatzen duen erakundearen laguntza, jarraipena eta ebaluazioa (hainbat herrialdetan Osasunkume – Bizitzaren abenturaren erakunde aliatuen zerrenda ikus daiteke LAV Sarean)

  4. Tokiko gobernuen laguntza, eskala handiagoko prozesuak garatzea ahalbidetuko duten haurtzaroaren aldeko politika publikoak diseinatuta.

Esperientzien aniztasunak berak erakusten duenez, ez dira beti itun horiek egiten, baina bai horietako bat edo bi gutxienez.


Ikasgelan duen aplikazioa

Irakaslearen gidan aditzera ematen den ordenari jarraituko dio Osasunkumek. Hala ere, elementu nagusia kontaketa denez gero, moduluka antola daiteke. Hartara, irakasle bakoitzak bere ordena eraikiko du, eta aplikatuko den maiztasuna erabakiko du, betiere haren beharren arabera.


Pedagogia

Programa hau eta haren materialak ez dira edukien transmisiorako pentsatu. Elkarrizketa eta solasa errazteko diseinatu dira. Horrenbestez, bizitzarako trebetasunak eta ohitura osasungarriak sustatzeaz gain, haurrek haien sentimenduak, pentsamenduak eta beharrak askatasun osoz eta errespetuz adierazteko duten ahalmena ere sustatuko dugu. Osasunkume – Bizitzaren abentura pertsonaien bidez, hau da, Josu, Elena, Mikel, Nerea eta Dani istorioen bidez, Programa honetan parte hartzen duten neska-mutilen bizitza errealeko abenturak azaleratuko dira ikasgelan.

EZARTZEKO PROZESU OROKORRAREN URRATSAK – Osasunkume – Bizitzaren abentura

  • Proiektua eraikitzea eta lan-taldea osatzea
  • Oinarrizko ildoa finkatzea
  • Irakasleak Programaren erabileran eta trebetasunetan trebatzea
  • Programa hezkuntza-proiektuaren barruan eta Ikasgelako Planean txertatzea
  • Programa ikasgelan ezartzea
  • Laguntzea, jarraipena egitea eta ebaluatzea
  • Trebetasunetan heztea eta esperientziak trukatzea
  • Ebaluatzea
  • Jardueren itxiera (ekitaldi publikoa)
  • Azken txostena

Memoria honek 25 urtetan zehar egindako lana aurkezten du

Memoria honek Osasunkume – Bizitzaren abentura programaren 25 urteotako mugarririk garrantzitsuenak biltzen ditu, 1989-90 ikasturtetik (urte hartan sortu zen Euskadin) 2015era.

Euskadiko ikastetxeetan sendo finkatuta dago, eta beste autonomia erkidego batzuetako eta Latinoamerikako 17 herrialdetan ere aplikatzen da. Beraz, argi dago programa hau bizi-bizirik dagoela.

 Behera kargatzea

Paperezko ale bat eskatzeko, formulario hau bete eta sakatu bidali.

 Eskaria